XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jauzi batez esnatu nintzen eta argia piztu nuen segituan.

Lanpara ondoan nuen gurasoen argazkia estutu nuen bihotzaren kontra, hotzikara batek bizkarmuinean barrena astintzen ninduen bitartean.

Gau hartakoa ametsetan berriro errepikatu zen. Ohe azpian nengoen ni. Geldirik. Beldurrak ez zidan ia arnasarik hartzen ere uzten.

Beste behin ere mozkorturik iritsi zen aita etxera eta amari deiadarka ari zitzaion.

Zaplasteko bortitz bat eman zion orduan. Ez zen berari aurre egiteko gai.

Ikaraz jositako begi dardartiz begiratu zidan, eta nigarrez hasi zen aitari bakean uzteko eskatuz.

Hura ordea, bere onetik irtenda zegoen, ez zen bere ekintzen jabe, eta besoetatik gogor helduz mahai ertzaren kontra bota zuen. Erortzean, berriro begiratu zidan ama gaixoak. Bat-batean, odol putzu bat zabaldu zen lurrean.

Horregatik nengoen han, horma hotz haien artean, ni bezalako hainbat haur bakartirekin batera.

Nahasturik, lur jota. Samina zen nigan nagusi. Bakardadea, tristura.

Bihotza su ahul batek goxatzen zidan, baina iluntasunak betetzen ingurua.

Iraganaren atzaparretan nengoen preso, lehoien harrapakinen moduan.

Nire begi argi eta distiratsuak itzalita zeuden. Ezpain lodi eta haragitsuek ez zuten irribarrerik marrazten.